Ministerio del Interior

Elecciones 2019

Nork egiten du zer

Nork egiten du zer?

Hauteskunde prozesu bat antolatzeak pertsona askoren lan koordinatua eskatzen du denbora bitarte oso laburrean.

Oro har, eta bete behar duten egitekoaren arabera, talde hauek bereiz ditzakegu:

Hauteskunde prozesuaren gardentasuna jagoten duten organoak:

Hauteskunde Administrazioak hauteskunde prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna eta berdintasun printzipioa jagoten ditu. Hauteskunde Batzordeak eta Hauteskunde Mahaiak dira.

  • Hauteskunde Batzorde Zentrala (HBZ)

    Hauteskunde Batzorde Zentrala Hauteskunde Administrazioaren organo gorena da, eta etengabe dagoen bakarra da; besteak beste, eskumen hauek ditu:

    • Hautesle Erroldaren Bulegoaren jarduera gidatu eta ikuskatzea.
    • Probintziako Hauteskunde Batzordeei jarraibideak ematea eta kontsultak ebaztea, irizpideei batasuna emanez.
    • Zuzentzen zaizkion kexa, erreklamazio eta errekurtsoak ebaztea.
    • Hautagai zerrendek hauteskunde kontu eta gastuei buruzko arauak betetzen dituztela jagotea.
    • Hauteskundeetako eragiketetan ofizialki esku hartzen duten pertsona guztiengan diziplina-ahala egikaritzea.
    • Estatuko Administrazioaren edo autonomia erkidegoen Administrazioaren proposamenez akta ereduak eta abar onartzea.

    13 kidek osatzen dute (Auzitegi Goreneko magistratuak eta Zuzenbideko edo Zientzia Politikoetako eta Soziologiako katedradunak, jardunean direnak).

  • Probintziako Hauteskunde Batzordea (PHB) eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordea (EHB)

    PHB eta EHB guztiak hauteskunde prozesu bakoitzerako eratzen dira, eta bost kidek osatzen dituzte.

    LOREG legearen arabera zuzentzen dizkieten kexak eta erreklamazioak ebaztea dagokie, euren lurralde esparruan.

    PHB bat dago probintzia bakoitzean.

    Ceuta eta Melillako hiri autonomoetan Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek PHBen eginkizunak berenganatuta dituzte.

    EHBak barruti judizial bakoitzean daude, eta Hauteskunde mahai bakoitzean deialdiko hauteskundeak egin ahal izateko behar diren baliabideak egotea bermatzen dute.

    Europako Parlamentuko hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko eta aldarrikatzeko eskumena duen hauteskunde batzordea Hauteskunde Batzorde Zentrala da.

    Tokiko hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko eta aldarrikatzeko eskumena duten hauteskunde batzordeak Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak dira.

  • Hauteskunde mahaiak

    Hauteskunde egunerako bakarrik eratzen dira.

    Herritarrek osatuta daude, eta dagokion hauteskunde atalean erroldatutako pertsonen artean zozketa bidez aukeratzen dituzte.

    Mahaia bakarra da hauteskunde bat baino gehiago batera egin arren.

    Mahai bakoitza mahaiburu batek eta mahaikide bik osatzen dute.

    Mahaiari dagozkio, besteak beste, egiteko hauek:

    • Hauteslekuak bozketa egin ahal izateko behar diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzea eta hauteskundeetako materialak akatsen bat duen behatzea.
    • Bozketaren buru izatea, eta hauteslekua ordenan atxikiaraztea inolako gorabeherarik gabe egin dadin.
    • Bozketaren hasiera eta amaiera, boto kontaketa eta azkenean hauteskunde dokumentazioa Lehen Auzialdiko Epaitegiari edo Bake Epaitegiari eta Postetxeari ematea.

Hauteskunde kudeaketaz arduratzen diren organoak:

  • Barne Arazoetako Ministerioa. Barne Politikako Zuzendaritza Nagusia:

    Barne Politikako Zuzendaritza Nagusiari dagokio estatua esparru duten hauteskunde prozesuen antolakuntza orokorra (Europako hauteskundeak, Gorte Orokorretakoak, udal hauteskundeak eta erreferendumak) eta beste erakunde batzuek kudeaketa honetan duten esku hartzearen koordinazio lanak egitea

    Bere eskumenen artean hauek daude:

    • Hauteskunde Administrazioarekiko harremanak eta, bereziki, Hauteskunde Batzorde Zentralarekikoak.
    • Autonomia erkidegoetan hauteskunde arloko eskumena duten organoekiko harremanak kudeatzea.
    • Hauteskunde arloan eskumenak dituzten beste Ministerioen mendeko unitateekin koordinatzea.
    • Emaitzen behin-behineko informazioa.
    • Alderdi Politikoen Erregistroa.
    • Alderdi politikoen finantzaketa publikoa (Estatuaren urteko diru laguntzak eta hauteskunde gastuengatiko diru laguntzak) indarrean dagoen legedian ezarritako moduan.
    • Hauteskundeetako logistika koordinatzea.
  • Hautesle Erroldaren Bulegoa Ekonomia eta Enpresa Ministerioa:

    Hautesle Erroldaren Bulegoa da hautesle errolda egiteko eta eguneratzeko ardura duen organoa. Estatistika Institutu Nazionalean (Ekonomia eta Enpresa Ministerioa) txertatuta dago eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren zuzendaritzapean eta haren ikuskapenarekin egikaritzen ditu bere eskumenak.

    Hautesle Erroldaren Bulegoak egitura probintziala dauka, Probintzia Ordezkaritzatan antolatzen da, eta hautesle errolda egiteko prozesua koordinatu, ikuskatu, kontrolatu eta aztertzeaz arduratzen da.

    Gainera, hauteskunde prozesu bakoitza dela eta, ardura hauek hartzen ditu:

    • Hautesle zerrendak lortzea jendaurrean jartzeko eta Hauteskunde mahaietarako.
    • Hautesleen erreklamazioak ebaztea.
    • Hauteskunde atalak, Mahaiak eta hauteslekuak zehaztea.
    • Aldarrikatutako hautagai zerrendei hautesle erroldaren kopiak ematea.
    • Hautesleei errolda txartelak bidaltzea.
    • Errolda ziurtagiri bereziak eta erroldako inskripzio ziurtagiriak ematea.
    • Erroldako datuen zabalkundea.
    • Estatuan botoa posta bidez emateko dokumentazioa bidaltzea.
    • Atzerritik botoa posta bidez emateko dokumentazioa bidaltzea (AEHE eta AAHE).
  • Atzerri Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa.

    Atzerri Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa da –Postetxearekin eta Hautesle Erroldaren Bulegoarekin batera– atzerriko espainiarrek sufragio eskubidea egikaritu ahal izatearen arduraduna.

    Kontsuletxeko Bulego eta Atalak arduratuko dira bizilekua aldi baterako atzerrian duten espainiarren hauteskunde dokumentazioaren eskabideen izapideak egiteaz.

    Bizilekua etengabe atzerrian duten espainiarrek atxikita dauden Kontsuletxeko Bulego edo Sailean hautetsontzian sar dezakete botoa edo hara postaz bidal dezakete.

    Hautesle hauen boto prozedurari buruzko informazio gehiago –aldi baterako atzerrian dauden pertsonen botoa eta AEHEko pertsonen botoa–.

  • Posta eta Telegrafoak

    Postetxeak ere, Gobernuak posta zerbitzu unibertsala emateko izendatu duen operadorea denez, parte hartzen du hauteskunde prozesua zuzen atera dadin.

    Funtsean, Postetxea hauteskunde bidalketa guztiez arduratzen da, bai Hautesle Erroldaren Bulegoak hautesleei zuzenduta egiten dituenak bai pertsona horiek egiten dituztenak. Bidalketa horiek guztiak doakoak dira hautesleentzat, baina Estatuak hauteskundeetako aurrekontuaren bitartez, Postetxeari ordaindu egin behar dio hauteskunde prozesuan esku hartu izana. Ordain horretan alderdi politikoek hauteskunde propaganda bidaltzeko egiten dituztenei dagokiena ere sartzen da.

  • Gobernuaren Ordezkaritzak eta Ordezkariordetzak

    Gobernuaren Ordezkaritzek eta Ordezkariordetzek hauteskunde funtzio garrantzitsuak egiten dituzte, Barne Arazoetako Ministerioarekin, toki administrazioarekin eta, kasua bada, autonomikoarekin elkarlan estuan; bestak beste, nabarmentzekoak dira segurtasun lana, hauteskunde logistika, hauteskundeetako materialaren zaintza eta banaketa, hauteskunde egunaren jarraipenari buruzko informazioa jaso eta bidaltzea eta emaitzen behin-behineko kontaketa.

  • Udalak

    Tokian-tokian hauteskunde prozesua kudeatzearen arduradunak dira, Gobernuaren ordezkaritzekin eta ordezkariordetzekin eta Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia ordezkaritzekin elkarlanean.

Nork aurkez ditzakeen hautagai zerrendak hauteskunde prozesu batean:

  • Alderdi politikoak eta federazioak

    elkarte pribatuak dira, Barne Arazoetako Ministerioaren mendeko Alderdi Politikoen Erregistroan halakotzat inskribatuak.

  • Hauteskunde koalizioak

    Aldi baterako formazioak dira, alderdiek eta/edo federazioek eratuak, hauteskunde prozesu konkretu batean hautagai zerrendak aurkeztea helburu dutenak.

    Ez dago hauteskunde koalizioen erregistro berezirik. Horien sorrera koalizioaren jarduera eremuari dagokion hauteskunde batzordeari bakarrik adierazi behar zaio.

    Prozesu bakoitzerako edo deialdia egun berean egin duten prozesu batzuetarako espres eratu behar dira, eta hauteskundeen ondoren iraungitzen dira.

  • Hautesle elkarteak

    Dagokion barrutiko hautesleen izenpe kopuru aldakorren abalarekin eratzen diren formazio politikoak dira, eta bakar-bakarrik hauteskunde prozesu konkretu eta jakin batean hautagai zerrenda aurkeztu ahal izateko.

    Ez daukate jarraitzeko bokaziorik eta, izatez, hurrengo hauteskunde prozesu batean aurkeztu nahi badute, izenpeak bildu behar dituzte berriro.

Hauteskunde prozesua erabakitzen duten subjektuak:

Hautesleak

Europako Parlamentuko hauteskundeetan hautesle dira hautesle erroldan izena emanda dauden espainiar adindun guztiak (bai bizilekua Espainian dutenak bai bizilekua atzerrian dutenak) eta bizilekua Espainian duten Europar Batasuneko beste herrialde bateko herritarrak, Espainiako udalerri batean erroldatuta badaude eta Europako Parlamentuko hauteskundeetan botoa Espainian emateko borondatea adierazi badute. Tokiko hauteskundeetan, pertsona horiez gain, hautesle izango dira elkarrekikotasun hitzarmena sinatu den herrialdeetako herritarrak, Espainiako udalerri batean erroldatuta badaude eta botoa Espainian emateko borondatea adierazi badute.

Boto-emaileak

Hautesleak boto-emaile bilakatzen dira botoa ematen duten une beretik. Espainian botoa borondatezkoa da. Inor ezin daiteke behartua ez hertsatua izan botoa ematera.

Hautesle kopuruaren eta boto-emaile kopuruaren arteko diferentzia parte-hartze indizea da, oso datu garrantzitsua hauteskunde prozesu bat zuzen balioesteko.

Nork ematen duen hauteskunde prozesuari buruzko informazioa:

Barne Arazoetako Ministerioa

Barne Arazoetako Ministerioak –Barne Politikako Zuzendaritza Nagusia– prozesuaz eta behin-behineko emaitzez informatzen du, batez ere kanpaina instituzionalen bidez, eta bere web orriaren eta, Komunikazioko Estatu Idazkaritzarekin batera, hauteskunde asteburuan ematen diren prentsaurrekoen bitartez.

Komunikabideak

Komunikabideek (telebista publiko eta pribatuak, irratiak, prentsa idatzia, egunkari digitalak eta abar) Barne Arazoetako Ministerioak prestatzen dituen kanpaina instituzionalak ematen dituzte, eta hauteskunde prozesuaz, aurkezten diren formazio politikoen jarduerez, hauteskundeetarako prestakizunez eta hauteskundeen emaitzez informatzeko baliabide ugari erabiltzen dituzte.

Nork jagoten duen prozesuaren segurtasuna.

  • Estatuaren Segurtasun Indar eta Gorputzek
  • Segurtasun gorputz autonomikoek
  • Udaltzaingoak

Prozesuan esku hartzen duten beste subjektu batzuk:

Administrazioaren ordezkariak

Hauteskunde egun osoan Hauteskunde mahaiari behar duen laguntza, betiere modu lagungarrian eta Mahaiaren agintaritzapean, eskaintzeko Gobernuaren Ordezkaritzek eta Ordezkariordetzek izendatutako pertsonak dira.

Bere egitekoak hauek dira:

  • Hauteskundeetako materiala nahikoa den eta Mahaiak eratu eta irekitzean sortzen diren gorabeheren datuak jaso eta bidaltzea.
  • Bozketaren hasierari buruzko datuak eta parte hartzeari buruzko datuak Gobernuak jarritako uneetan jaso eta bidaltzea, informazio hori jendaurrera zabaltzeko.
  • Hauteskunde mahaiko boto kontaketaren aktaren kopia bat jasotzea eta aktako datuak bidaltzea. Gainera, kopia hori zainduko du Gobernuaren Ordezkaritzari edo Ordezkariordetzari emateko.
Udaletako idazkariak

Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen ordezkariak dira eta hertsiki Batzordearen mendean dihardute.

Hauteskunde logistikan hauteslekuen ikuskapenean laguntzen dute hauteskunde egunean behar guztiak beteta izan ditzaten.

Defentsa Ministerioa

Hauteskunde prozesuan parte hartzen du atzerrian misioak betetzen dagoen Indar Armatuetako pertsonalaren botoa bermatzen.

Espetxeetako Idazkaritza Nagusia (Barne Arazoetako Ministerioa)

Hauteskunde prozesuan parte hartzen du espetxeetan sufragio eskubidea egikaritzea ukatuta ez duten barneratuen boto ematea ahalbidetzen.Pertsona hauek postaz ematen dute botoa.

Ahaldunak eta artekariak

Alderdi politikoek izendatutako pertsonak dira, hauteslekuetan bozketa egunean jarduteko.

Ordezkari dituen erakunde politikoaren ikur edo eranskailuak eduki ditzakete, baina zer diren identifikatzeko bakarrik, eta hori ez da hauteskunde propagandatzat hartuko.

  • Ahalduna

    Pertsona adinduna, eskubide zibil eta politiko guztiez balia daitekeena, alderdi politiko baten ordezkari dena haren hauteskunde ekitaldi eta eragiketa guztietan.

    Hautesleku guztietan sar daiteke askatasunez, bozketa eta boto kontaketa azter ditzake edozein mahaitan, eta erreklamazioak aurkeztu eta ziurtagiriak eskatu ditzake

    Ez du botoa Mahaian emango, Mahaiko erroldan ageri ez bada.

  • Artekaria

    Hautagai zerrenda Hauteskunde mahai batean ordezkatzen duen pertsona da.

    Egiaztatuta dagoen Mahaian bakarrik betetzen du bere egitekoa.

    Mahaiaren eztabaidetan parte hartzen du hitzarekin baina botorik gabe.

    Mahai batean egiaztatuta dauden hautagai zerrenda bakoitzeko artekariak elkarren ordezko izan daitezke.

    Erreklamazioak edo protestak formulatu ditzake eta ziurtagiriak eskatu.

    Artekariek egiaztatuta dauden Mahaian emango dute botoa, baldin deialdiko hauteskunde prozesu guztietan boto ematea dagokien hauteskunde barrutia eta Mahai horrena barruti berbera badira, eta prozesuetakoren batean botoa emateko beste barruti bat badagokie, postaz egin beharko dute deialdiko hauteskunde prozesu guztietan.

null