Hauteskunde-prozesurako irisgarritasuna mahaiko kide diren pertsonentzat

Hauteskunde-prozesurako irisgarritasuna mahaiko kide diren pertsonentzat

Hauteskunde-mahai bateko kide izateko betebeharretik salbuetsita egoteko nahikoa arrazoitzat hartzen da desgaitasun-egoera aitortua izatea, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta Haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuko (azaroaren 29koa) 4. artikuluarekin bat etorriz.

Desgaitasuna duen pertsonak, daukan desgaitasun-maila gorabehera, desgaitasun-deklarazioa aurkeztea nahikoa izango da eskualdeko hauteskunde-batzordeak arrazoi hori onar diezaion eta ez du aurkeztu beharko hauteskunde-mahai bateko kidea izatea eragozten edo zailtzen dioten oztopoak zehazten dituen osasun-ziurtagiririk (6/2011 Jarraibidea, apirilaren 28koa, Hauteskunde Batzorde Zentralarena).

Eskubide hori gauzatu nahi ez badute, Administrazioak doako zerbitzuak eskaini behar dizkie hauteskunde-mahai bateko kide izateko izendatuak izan diren gorrei eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei:

1, Zeinu-hizkuntzako doako interpretazio-zerbitzua bai titularrentzat, bai ordezkoentzat (bai gaztelaniaz, bai dagokion autonomia-erkidegoko zeinu-hizkuntzan).

Pertsona hauek zeinu-hizkuntzako doako interprete-zerbitzua eskatu ahal izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean, idatziz eta beren izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Eskualdeko hauteskunde-batzordeak dagokion Gobernu-ordezkaritzari jakinaraziko dio zer kasutan erabaki den zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua ematea.

Gobernu-ordezkaritzak kasu horien berri emango dio Barne Ministerioari, Estatu-mailako hauteskunde-prozesuak koordinatzeko ardura duen aldetik eta, era berean, Estatuko Gorren Konfederazioari (CNSE) ere jakinaraziko dio, 607992514 telefonoan, 08:00-20:00 ordutegiaren barruan. Telefono hori berariaz gaitu du Estatuko Gorren Konfederazioak Barne Ministerioarekin eta Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioarekin batera, hauteskunde-egunean aipatu zerbitzua emango duten zeinu-hizkuntzako interprete ofizialak aukeratzeko.

2. Indukzio magnetikoko doako begizta-zerbitzua gorrentzat edo entzumen-desgaitasuna dutenentzat (entzuteko protesien erabiltzaileak, bai titularrentzat bai ordezkoentzat).

Pertsona horiek indukzio magnetikoko begizta-zerbitzua eskatu ahal izango dute dohainik Eskualdeko Hauteskunde Batzordean, idatziz eta izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Eskualdeko hauteskunde-batzordea Gobernu-ordezkaritzarekin jarriko da harremanetan doako zerbitzu hori eman beharra dagoela erabaki den kasuetan, eta honek kasuon berri emango dio Barne Ministerioari, FIAPASekin batera (Gorren Senideen Espainiar Konfederazioa) dagozkion neurriak har ditzan, eskaera egin dutenei dagokien zerbitzua emateko.