Informazio orokorra

Mahaiko kideak  /  Informazio orokorra  /  Izendapenaren aurkako errekurtsoa: eragozpenak eta salbuespenak

Izendapenaren aurkako helegitea: eragozpenak eta aitzakiak

Mahaiko kide izateko karguak ezinbestean bete beharrekoak dira, eta baita ordezko izateko karguak ere.

Ekainaren 26ko hauteskundeetan, izendatutakoek zazpi egun izango dituzte, jakinarazpena jasotzen dutenetik, dagokien Guneko Hauteskunde Batzaren aurrean kargua hartzea ezinezko egiten dien arrazoi justifikatua eta dokumentatua aurkezteko. Izendatuak izan diren 65 urtetik gorakoek zazpi eguneko epea izango dute beraien ezezkoa adierazteko, jakinarazpena jasotzen dutenetik.

Guneko Hauteskunde Batzak 5 eguneko epean ebatziko ditu alegazioak. Guneko Hauteskunde Batzaren ebazpen horren kontra ezin daiteke helegiterik aurkeztu hauteskunde administrazio bidean, interesatuak bidezko irizten dion edozein helegite jurisdikzionalen kalterik gabe (Hauteskunde Batza Nagusiaren 2001eko apirilaren 20ko, irailaren 19ko eta abenduaren 3ko Akordioak). Beste alde batetik, Administrazioarekiko Auzibidezko Jurisdikzioa araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.5 artikuluak jasotzen duenez, Administrazioarekiko Auzibidezko Epaitegiei dagokie Tokiko Hauteskunde Batzen ekintzen kontrako aurkaratzeak ezagutzea.

Kontsultak eta helegiteak faxez jasotzeko eta bidaltzeko aukera aurreikusten da, beti ere jatorrizko dokumentazioa postaz edo interesatuak jaso izana egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein bide erabilita bidaltzen bada (Hauteskunde Batza Nagusiaren 2000ko otsailaren 9ko Akordioa).

Hauteskunde Mahai bateko kide izaera, Guneko Hauteskunde Batzak izendatutako pertsonak aurkeztu duen aitzakia onartzen duenean baino ez da galtzen. Beste ezein pertsonak edo erakundek ezin izango du izaera horren aldaketa erabaki.

Geroago, izendatutako edozeinek Mahaiko kide gisa duen kargua betetzera joan ezin badu, Guneko Hauteskunde Batzari jakinarazi beharko dio hauteskunde eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez, beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztuz. Joateko ezintasuna epe horren ondoren gertatzen bada, Guneko Hauteskunde Batzari egindako ohartarazpena berehala egin beharko da, eta, beti ere, Hauteskunde Mahaia eratu aurretik (bozketa egunaren goizeko 08:00etan). Ordezkoek ere Mahaiko kide izatea ezinezko egiten dizkien aitzakiak aurkez ditzakete.

Hauteskunde Mahai bateko kide kargua ezin izango du bete hautagai gisa aurkezten denak, beste barruti batean egiten badu ere. Hautatua izateko ezintasuna izatea arrazoi gisa ulertuko da Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 6. artikuluan xedatzen dena kontuan izanda.

Hauteskundeen emaitzetarako behin behineko informazioa bideratzeko lana errazteko xedez Administrazioak zenbaketaren aktaren kopia jasotzeko izendatu duen pertsonak ezin izango du betebehar hori Mahaiko kide izatearekin bateragarri egin.

Beraien betebeharrak egitera ez doazen, mahaiak bidezko arrazoirik gabe uzten dituzten edo aitzakia aurkezteko edo aurretiaz jakinarazteko betebeharrak justifikatutako arrazoirik gabe betetzen ez dituzten Hauteskunde Mahaietako Presidenteek eta mahaikideek eta ordezkoek, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra edo sei eta hogeita lau hilabete arteko isuna jasoko dute.